Surflaria eta paradisua Iñigo Urdinagaren liburua

Liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: "Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?". Denok gara paradisu bila bizi garen surflariak.

Osteguna

22

otsaila 2018

0

IRUZKIN

Gidget zaleak eta Dora zaleak

Idazlea , ArgitaratuaSurf kultura, Surfa neurriz gain, Surfa salgai

Zer pentsatua eman zidan @dorawasright erabiltzaileak Twitterren sareratu zuen irudi horrek. Zer eman nahi du aditzera, Gidget zaleen eta Dora zaleen artean oreka dagoela, ala egon behar lukeela?…

Yin eta yang, ura eta sua, iluntasuna eta argia, lurra eta zerua, negatiboa eta positiboa, hotza eta beroa, femeninoa eta maskulinoa, pasiboa eta aktiboa…

Badakigu inor ez dela zeharo yin edo yang, baina deskribatu ditzagun bi muturrak:

Gidget: Surfa kirola da.
Dora: Surfa artea da.

Gidget: Zenbat eta surf txapelketa gehiago eta handiagoak, hobeto.
Dora: Surf txapelketak fartsa hutsa dira eta kalteak dakartzate: norgehiagoka, egoismoa, tentsioa…

Gidget: Marka handiei esker eboluzionatzen du surfak (materialak, hedabideak, profesionalak…).
Dora: Multinazionalak ez dira etikoak, ez jasangarriak, eta surfa izorratzen ari dira.

Gidget: Surf eskolei esker surflariek dirua ateratzen dute eta, gainera, gero eta surflari hobeak ditugu.
Dora: Surf eskolek milaka surflari berri sortu eta masifikazioa areagotzen dute neurri gabe.

Gidget: Uretan lege bakarra dago, barrurago dagoenarena da olatua.
Dora: Nire hondartzan, nireak dira olatu guztiak.

Gidget: Gogoa ematen didan guztia publikatuko dut.
Dora: Ez esan inori ezer olatuei buruz, ez eman pistarik, ez publikatu inongo argazkirik.

Gidget: Surf hedabideek (aldizkariek, webguneek…) surflariok nahi duguna eskaintzen dute.
Dora: Marka handien esku daude eta haien aldeko ikuspegia ematen dute beti.

Gidget: Surfaren hazkundea naturala eta saihestezina da, garapena eta aurrerapena.
Dora: Hiperkomertzializazioak erabat izorratu du surfa, eta neurri zuzentzaile gogorrak behar dira.

Baikor esnatzen naizenean, pentsatzen dut munduko surflarien %98ak paso egiten duela txapelketetaz, surfetik diruren bat jasotzen dutenak oso gutxi direla, konturatzen hasi garela arduraz jokatu beharra dagoela…

Ezkor esnatzen naizenean, aldiz, ikusten dut surferako garai onenak joanak direla, surflari gehienek ez dutela inolako kontzientzia kritikorik, eta hau pikutara doala…

Edozein kasutan, gaur-gaurkoz, nabarmena da desoreka. Gidget zale asko harrotuta dabiltza han-hemen surfa saltzen eta saltzen, eta Dora zale aktiboak falta zaizkigu…

Yin eta yang oreka dinamikoan omen daude beti, bata handitu ahala bestea txikitu egiten da. Eta, beraz, transformatu genitzake…

.

Comments

comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

happy wheels