Surflaria eta paradisua Iñigo Urdinagaren liburua

Liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: "Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?". Denok gara paradisu bila bizi garen surflariak.

Asteazkena

15

urtarrila 2020

0

IRUZKIN

Gure Patxi

Idazlea , ArgitaratuaLiburutik kanpokoak, Surf kultura

Gaur goizean hil da Patxi. Minik gabe, 96 urte zituela, burua argi. Patxi Oliden.

Lehenengoa izan zen surf taulak egiten espainiar estatu osoan, 1969. urte inguruan. Dagoeneko mitikoak dira hark eskuz egindako Itxas Tresna taulak. Orain dela urte gutxi marka komerzializatzeko kontratu eskaintza bat eduki zuen arren, Orioko Surf Taldeari utzi dio oinordetzan.

Zein izan zen Patxi?

Dagoeneko geratzen ez diren gizon horietako bat, gauza askotan jantzia: perretxikuez pila bat zekien; arraunari buruzko artikulu bat argitaratu zuen Elhuyar aldizkari zientifikoan; euskararen inguruan ere idatzi zuen; mekanika irakaslea izan zen Zubietako lanbide eskolan; oso trebea zen eskuekin ere, benetako artisaua…

Hitz batekin laburbildu beharko banu Patxi, esango nuke sortzailea izan zela.

Jakinduria handia zuen, baina ezagutza horiek guztiak ez zeuden bere buruan lo, baizik eta bizi eta emankor. 94 urte bete arte, egunero-egunero musika sortzen egin zituen urteak eta urteak. Bere logelan, ordenagailuarekin, lau mila partituratik gora sortu zituen. Azkar esaten da.

Umezurtza zen Patxi. Mutil zaharra. Tipo berezia.

Bigarren hitz bat erabili beharko banu Patxi deskribatzeko, esango nuke eskuzabala zela oso. Patxik ez zuen nahi surfa aberatsen kontua izaterik, eta Orioko eta inguruko gazteek surf egiteko aukera izan zezaten hasi zen taulak egiten.

2007. urtean, Zarauzko surfaren historia jasotzen duen liburuan, hau idatzi zuten Patxik egindako Itxas Tresnei buruz: “Kanpotik zetozen taulen aldean Itxas Tresnak astunak ziren, baina horrek ez zuen garrantzi handirik arazo nagusia dirua zenean. Gainera, surfean ikasteko bikainak ziren, eta merkeak. (…) Gaur egun bizirik dauden Itxas Tresnak harribitxiak dira. Jabeek konpontzera eramaten dituzte etxean erakutsi ahal izateko. Inork ez ditu saldu nahi. Erosi, ordea, askok”.

Surfilm Festibalekoek omenaldia egin zioten Patxiri, 2008. urtean. Erakusketa bat antolatu zuten Donostian. Baina askoz urrutiago ere iritsi zen Patxik surfean egindako ekarpena. Kaliforniaraino, surf industriaren epizentroraino.

Patrick Trefz argazkilari eta zinegile ezagunak munduko leku oso ezberdinetan ateratako argazki onenak bildu zituen Surfer´s blood argazki liburukote dotorean. Han daude surf munduko jende oso ezagun eta errespetatua: Bufalo, Buttons, Greg Noll, Andy Irons, Joel Tudor, Tom Curren, Kelly Slater eta abar. Eta han dago gure Patxi ere.

Handik bizpahiru urtera egile berak atera zuen beste liburu batean (“Thread”), berriz ere orrialde osoko argazkia eskaini zion Patxiri. Hori bakarrik ez, Patxik berak makinaz idatzitako bi orrialde ere badakartza liburuak: “Surf-oholak, nola egin”. Oso-osorik euskaraz. Liburuan, “autodidactic surfboard shaper” gisa aurkezten du Patxi egileak. Taula egile autodidakta.

Hiru hitzetan laburbilduz, hori izan zen Patxi nire ustez: autodidakta, sortzailea eta eskuzabala.

Asko eman zigun, eta oso eskertuta gaude. Gizon apala bezain handia, gure Patxi.

______
Abistea herriko aldizkarian.
 
  

Comments

comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

happy wheels