Surflaria eta paradisua Iñigo Urdinagaren liburua

Liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: "Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?". Denok gara paradisu bila bizi garen surflariak.

Asteazkena

29

azaroa 2017

1

IRUZKIN

Gizon zuriak

Idazlea , ArgitaratuaHistoria berrikusten

Historia ofiziala irabazleek idazten dute beti. Mendebaldeko gizon zuri garaileek. Surfaren kasuan bereziki nabarmena izan da, eta da.

Mendeak zeramatzaten gizon eta emakume hawaiiarrek olatuak hartzen eta gozatzen. Baina 1778. urtean, James Cook-ek eta bere gizonek olatu artean ikusi zituztenean eta, zehazki, ikusitakoaz idatzi zutenean hasten da “Surfaren Historia”. Halakoxea, garai hartan, idazten zekitenen boterea.

Entziklopedia Britaniarraren arabera, “itsas kapitaina, nabigatzailea eta esploratzailea” izan zen James Cook. Hori bakarrik izan balitz, ordea, indigena hawaiiarrek ez lituzkete harekin eta haren ondorengoekin gorriak eta beltzak ikusiko. Oso kezkatuta zegoen 1837. urtean David Malo jakintsu hawaiiarra:

Gizon zurien ontziak iritsi dira, herrialde handitako gizon azkarrak ekarri dituzte. Badakite gutxi garela, txikia dela gure herria. Irentsi egingo gaituzte”.

Tamalez, arrazoi emango zioten hurrengo urtetako gertakariek. “Garapena” eta “aurrerapena” ez ezik, denetarik ekarri baitzuten gizon zuriek: iltzeak, arropa, ingelesa, kristautasuna, sexu tabuak, eskola, gripea, nekazaritza sistema berriak, esklaboak…

Hala eta guztiz ere, Entziklopedia Britaniarrak gaur egun James Cooki eskaintzen dizkion 1.300 bat hitzetan ez dago kontzeptu edo adjektibo bakar bat “konskistatzailea”, “inperialista”, “kolonizatzailea” edo “pirata” ere izan zela iradokitzen duenik.

Gizon zuriek James Cooken balentriak nabarmentzen dizkigute beti: nabigatzaile bikaina izan zela, uharte asko aurkitu zituela, inork baino gehiago lagundu zuela munduko mapa osatzen… Ez digute hainbestetan gogoratzen zer errespetu gutxirekin ibili zen Cook: hawaiiar uharteei “Sandwich” izena jarri zien, Sandwich kontearen omenez; ez zen saiatu bertakoekin harremana egin eta zerbait ikasten (nahiz eta munduan izan diren nabigatzaile onenak ziren hawaiiarrak, gaur egungo ikerlarien arabera); haien buruzagi bat bahitzen saiatu zen… Azkenean, larrutik ordaindu zuen. 

Eduardo Galeanok, Los hijos de los días liburu biziki gomendagarrian, ironiaz azaltzen du hawaiiarrek “James Cook konkistatzaileari” eman zioten amaiera:

Ur gainean ibiltzen ziren bidazti haiek aiztoz hil zuten Cook. Aurretik britaniar koroari Australia oparitua zion nabigatzaile eskuzabalak, Hawaii oparitzeko gogoz geratu behar izan zuen”.

Hawaiiarrek nahikoak izan zituzten aizto batzuk Cook akabatzeko. Eta gerora, ikasi genuen idazten. Baina arma gehiago eta sofistikatuagoak behar dira gaur egun historia idazteko.

.

 

Comments

comments

1 Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

happy wheels