Surflaria eta paradisua Iñigo Urdinagaren liburua

Liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: "Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?". Denok gara paradisu bila bizi garen surflariak.

Astelehena

24

uztaila 2017

0

IRUZKIN

Ezbeharra Sumatran

Idazlea , ArgitaratuaLiburutik kanpokoak, Surfaren bortitza

Gaur bezalako uztailak 24 batean gertatu zen, 2011. urtean.

Olatu bat hartzetik bueltan nentorrela, urertzerantz begira ikusi nituen gainerako denak, eta ea zer pasatzen zen galdetu nion gertuen neukanari. Ulertu nionagatik, tipo bat desagertu zen. “Taula urizkinan dago, baina bera ez dakite non dagoen”.

Jendea pilatzen hasi zen urizkinan, eta hara joan ginen uretan geunden guztiok ere. Mutila bilatzen ari ziren koral arteko zuloetan. Olatuek gogor samar jotzen zuten, eta aparra desegin ahala, berehala iristen zenez hurrengoa, ez genuen ezer askorik ikusten. Olatuek ez eramateko, fuerte heldu behar zitzaion itsas-hondoari, eta mina ematen zuen koralak eskuetan. Inork ezer topatu ez, eta erretiratzen joan ginen nor bere losmenera.

Bazkaritan esan zutenez, neskalagunarekin etorria zen mutila. Eztei bidaian, zioten batzuek. Azken hori ez zen kontu ziurra, bai ordea New Yorkekoak zirela, eta gazteak, han geunden gehientsuon adin bueltakoak.

Buruarekin hondoa jo, eta kontzientzia galduko zuela esaten zuten batzuek; baina gero, nola hautsiko zuten olatuek txikota? Gorpurik ez zen ageri. Mutila erori, koral arteko zuloren batean sartu eta bertan geratuko zen; olatuek kolpearen kolpez txikota hautsi eta aske utziko zuten taula. Oso zaila zirudien, baina zer bestela?

Bazkalostean inor ez zen sartu uretara, dela neskalagunarekiko errespetuz, dela inork lehena izan nahi ez zuelako. Eguzkipean hutsik joaten ikusi genituen arratsaldeko olatu guzti-guztiak.

Hark ez zuen zentzurik. Dolu moduko hark ez zuen ezer aldatuko eta, gainera, gorpuak han jarraitzen bazuen, hura topatzeko aukera gehiago zegoen jendea uretan ibilita.

Horixe eskatu ziguten afalorduan, desagertutakoaren neskalagunaren partez: goizean surf egitera joateko, arren, eta uretan begiak ondo irekita edukitzeko. Bidean zirela Indonesiako militarrak eta salbamendukoak. Kontatzen zutenagatik, osorik zegoen neska, burua hotz. Mutila itotzat zeukan, baina gorpua nahi zuen, etxekoengana eramateko.

Egun ederra argitu zuen biharamunean. Itsasoak, naturak, munduak ez zuten inongo ardurarik. Guk, ordea, ezin gustura jardun. Gorpua hantxe egon zitekeen gure azpian, eta urizkinan genuen neska albiste zain.

Ez naiz ondo gogoratzen hurrengo egunetako xehetasunez. Inoiz ez ahazteko moduan geratu zitzaidan, ordea, lasai gozatu ezinez surf egiteko modu halamoduzko hura. Olatu ona hartu, eta ezin dastatu, ezin gehiegi emozionatu. Sentipen mikatza zen, frustragarria.

Iritsi zen helikopteroa, eta hamaika buelta egin zituen inguruan. Etorri ziren salbamendukoak ere beren zodiakarekin, eta zuhaitzek helikopteroari ezkutatzen zizkioten itsasbazterrak arakatu zituzten egun osoan. Alferrik.

Ahultzen joan zen itsasaldia, eta hurrengo goizerako deitu gintuzten. Mesedez urertzean azaltzeko, ahal zela urazpiko betaurrekoekin. Barealdia eta itsasbehera aprobetxatuz, hobeto miatu nahi zituzten koral arteko zuloak.

Neska ezagutu genuen goizean, Rachel. Eskerrak eman zizkigun denoi, beren familien partez eta New Yorkeko surflari komunitatearen partez. Bere senarraren gorpua oraindik han egon zitekeela eta, arren, otoi, kontuz ibiltzeko, ez geure buruak arriskuan jartzeko.

Gerrirainoko olatuak bazeuden ere, ez zegoen erraza apar artean hondoa xehe arakatzen. Zulo dezente ikusi genituen hala ere, pertsona bat kabitzeko adinako sarbidea zutenak batzuk. Posible zen, zorte txar handiarekin, olatuak zulo haietakoren batean sartu, eta bertatik atera ezinik itsaspean geratzea.

Rachel han ibili zen denbora guztian gurekin. Inork ez zuen ez gorpurik ez bainujantzirik aurkitu, eta eskerrak eman zizkigun amaieran berriz.

Uztailak 28an agertu zen gorpua. Arrantzale batek topatu zuen, iparraldean urruti, pare bat egunetara autoz. Lasaitua hartu genuen nolabait, baina zulo haien gainean surf egiten jarraitzen genuen egunero.

Ni izan nintekeen surflari hura. Edonor izan zitekeen. Ezbeharra izan zuen unean itsasoa ez zebilen bereziki bortitz edo zakar. Zorte txarra izan zuen, besterik ez.

Aurrera jarraitzen zuen bizitzak. Itsasoak ere bai, zeharo ezaxola. Aspaldi ez bezain fuerte sentitu nuen gertu ditugula heriotza eta bizitza, nonahi eta noiznahi. Merezi duela mundualdi hau ahalik eta gehien gozatzen saiatzea.

.

……………..

Gero jakin genituen zehaztasun gehiago:
. Rachelek berak horrela kontatu zuen.
. “Long Beach surfer missing in Indonesia“.
. “Missing Long Beach surfer´s body found“.
. “A Year After Untimely Death, Surfer Dan Bobis is Remembered“.

Comments

comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

happy wheels