Urzelai, “lehen mitikoa”
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaSurf kultura
Zarauzko surfaren historia jasotzen duen liburuan (Olatuek ekarri dutena, 2007) erratatxoa dago, “Juan Inazio” baitu izena. Dena dela, -hori baino askoz garrantzitsuagoa dena-, Lázaro Echegarayk eta Mikel Troitiñok ezin hobeto laburtu zuten nor izan zen Urzelai: “Herriko lehen mitikoa”.
Nire liburuan horrela laburbiltzen dut nor izan zen surfean:
“Zarauzko hondartzako ur mehetan aspirinarekin ibiltzen zen gazte hark Urzelai zuen abizena. Ur-zelaiak gustatzen zitzaizkion, baina baita ur-izkinak, ur-azpiak eta ur-uhinak ere. Aspirinarekin ez ezik, surf taularekin ere ibiltzen zen, eta salabardoekin, eta urazpiko antiojoekin, eta txaluparekin, eta arrainak harrapatzeko otarrekin. Horregatik jarri zioten Aquaman ezizena, beti itsasoan edo kresal artean zebilelako. Beno, horregatik eta, surfa Estatu Batuetatik zetorrenez, hasieratik hartu zutelako hemengo surflariek ingeleserako joera. Komiki estatubatuar bateko superheroia zen Aquaman”.
Zarauzko lehen aspirina egin zuena, 1967an Zarauzko lehen surflarietakoa, estilo dotorekoa, paso egiten zuen txapelketetaz… Urzelai, Aquaman. “Lehen mitikoa”, nire liburuan.
Gure aitak, txikitako istorioak kontatzerakoan, aipatzen zuen aldian-aldian, eta ni baino zaharragoak ziren surflariei ere entzun nizkien gero haren inguruko kontu gehiago. Esaten zuten, adibidez, neoprenorik ez zen garaian, neguan ere sartzen zela, bainujantzitan olatuak hartzera.
Solasaldia egin nahi nuen berarekin libururako. Gure aitak zertarako zen aurreratu zionean, ihes egin zidan. Asko joan zaizkiola galdezka edo elkarrizketa eske, baina ez duela ezertxo ere jakin nahi surf munduaz. Horrelakoak dira benetako mitikoak.
.
.