Surflaria  eta  paradisua

Iñigo urdinagaren liburua

Astelehena

22

maiatza 2017

0

IRUZKIN

Liburuaren aurkezpenean

Idazlea , ArgitaratuaLiburutik kanpokoak

Hau esan nuen, gutxi gorabehera, liburuaren aurkezpenean:

Liburu hau ez dago benetako gertaeratan oinarritua. Benetako pertsona eta gertaerak dira bertan kontatzen direnak.

Koldo Izagirrek bere azken liburuaren atarian ohar bat jarri zuen: jende eta gertakari errealetan oinarritu zela liburua idazteko, eta berak literatura baino ez ziela erantsi, balio sinbolikoa hartu zezaten.

Hori baino lehenago, irakurria nion Borgesi, literatura guztia dela nolabait sinbolikoa, eta berdin diola idazleak gertakari asmatuak edo benetan gertatuak baliatzen dituen.

Nik benetan gertatutakoak baliatu ditut, eta saiatu naiz haiek balio sinbolikoa hartu dezaten. Hitzaurretik bertatik, nahiz eta Nat Young surflari ezagunaren bizitza laburtzen ari naizela dirudien, nabarmena da gutaz ari naizela nolabait eta, bide batez, surfaren historia modernoa laburbiltzen.

Liburu hau ez da literatura purua edo jasoa, baina asmo literario bat badauka. Horretarako, manipulazio pixkat beharrezkoa izan da, hitzaren zentzu onenean. Osagai jakin batzuk aukeratu ditut, eta beste batzuk ez. Elkarrizketa askotan entzundakoak bakarrean eman ditut. Edo egoera batean entzundakoa, beste batean eman. Baina ez dut inoren ahotan esan ez duenik jarri, noski.

Sorkuntza prozesua kaotikoa eta gogorra izan da, arkitektura lan handia egin behar izan dudalako. Hor 170 bat pasarte labur daude, batzuk hemezortzi urterekin idatzitakoak, beste batzuk Indonesian, Zelanda Berrian, bidaietan idatzitakoak, testuaren logika propioak eskatutakoak…

Zailena izan da testua samur ematea irakurleari. Gutxi irakurtzen duten surflarientzat, erraza behar zuen. Eta irakurleentzat, ona. Nahi nuen liburuak eraman dezala irakurlea inongo ahaleginik egin gabe; irakurlea joan dadila olatu batean bezala, behera eta gora, behera eta gora arin, gozatuz.

Liburuak hiru atal nagusi ditu. Nik uste dut eboluzio bat dagoela hor nabarmen: aurreneko atalean txikitako bizipenak daude, narrazioak. Gero, gauzak korapilatzen doaz, saiakera bihurtzen joaten da, eta testua logika propioa hartzen.

Guzti-guzti honen muinean gertakari gordin bat dago. Orioko itsasadarrean ezker olatu oso ona genuen, baina 1995ean, nik hogeita bat urte nituenean, Putomuroa eraiki zuten bertan, olatua suntsituz. Horrek betirako markatu ninduen, eta gauzak ikusteko beste modu bat eman zigun. Liburuan kritikatzen da, zentzuz baina gordin, “desarrollismoa” eta porlan festa; eta aldi berean, diruaren kultura hori nola ari den surfa hiperkomertzializatzen, masifikatzen eta abar.

Gu pasota, posmoderno, ezaxolati batzuk ginen, eta Putomuroak esnatu egin gintuen. Kontzientzia hartze hori, surfaren mundu osoari gertatzea nahi nuke. Eta eztabaida piztu nahi du liburu honek.

Alde horretatik, marketin artefakto bat ere bada liburu hau. Diruaren kulturaren kontrakoa, mundualdi hau jolastokia eta ez lantoki dela aldarrikatzeko, deshazkundearen alde egiteko, surfa neurriz gain sustatzen ari direnei kontrapuntua jartzeko…

Espero dut gozatuko duzuela, eta zer pentsatua ere emango dizuela.

Comments

comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

happy wheels