Marge Calhoun, eredu indartsua
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaHistoria berrikusten, Liburutik kanpokoak, Surf kultura
Emakumeek mendetan gozatu zituzten olatuak Polinesian, gizon zuriak iritsi arte. Ordutik, surf historia gizonek idatzi dute, eta oso gutxi dakigu aspaldiko emakumezko surflariez; eta geroagokoak ere, txapelketetan ibilitakoak baino ez ditugu ezagutzen.
Marge Calhoun kaliforniarrak Makaha International Surfing Championships irabazi zuen 1958an, eta, horregatik, munduko lehen emakumezko surf txapelduna kontsideratzen dute batzuek.
Igerilari eta itsaspekari oso ona zen gaztetan. 1940ko olinpiar jokoetan parte hartu behar zuen, baina Bigarren Mundu Gerragatik ez ziren jokatu.
Garai hartako beste emakume asko bezala, 20 urterekin izan zen ama, eta hurrengo urtean beste alaba bat izan zuen. Baina gero, surf egiten hasi zen. 29 urterekin! Eta oso azkar ikasi zuen, abila baitzen uretako kiroletan.
Ondo zekien “gizonen kirol” batean sartzen ari zela, baina ez omen zion horri kasu handirik egin. 25 bat kiloko egurrezko taula handiekin egiten zen surf orduan, eta inbento edo txikotarik gabe
Emakumeak etxetik ia atera ere egiten ez ziren garai hartan, bi alabak senarrarekin utzi, eta Hawaiira joan zen (Eve Fletcher lagun surflariarekin) olatuak hartzera. Orduan irabazi zuen Makaha International txapelketa.
Ausarta zen, eta olatu handi samarrak gustatzen zitzaizkion. Geroago berak ere esan zuen bezala: “Emakume handi eta indartsua nintzen, eta ondo moldatzen nintzen olatu handitan”.
Candy eta Robin alabei kutsatu zien surf zaletasuna, eta urte askotan ibli ziren hiruak Kaliforniako surf txapelketen giroan. (Candy munduko hirugarren sailkatu zen 1965ean). Bestalde, USSA, Estatu Batuetako surf federazioaren sortzaileetakoa izan zen Marge 1961. urtean; eta lehen emakumezko epailea surf txapelketetan.
Marge Calhoun eredu indartsua izan zen emakumezko askorentzat. Alaia, sanoa eta diskretua omen zen, eta, bere lagun baten hitzetan, “kirolari petoa eta kalitatezko pertsona”.
Itsasondoan bizi izan zen beti. “Gaizki baldin bazaude, jaitsi urizkinera, ibili uretan, txortakiletaraino sartuta besterik ez bada ere. Hartu arnasa. Harrigarria da zer mesede egiten duen. Itsasoa sendatzailea da”.
Iaz hil zen, 2017an, 91 urte zituela.
..
Iturriak
. Encyclopedia of Surfing: Marge Calhoun
. Marge Calhoun, a fearless pioneer for surfing world
. Marge Calhoun, First Lady of Surfing
. Marge Calhoun, Surfing´s Golden Girl
. Marge, Candy, and Robin Calhoun