Olatuak bistaz ezagutu
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaLiburutik kanpokoak, Surf kultura, Surfaren ederra
Argazki bat ikusi eta segituan esaten genuen “hori Pipeline da, Hawaiien”, edo “hori Jeffreys Bay, Hegoafrikan”. Ikasten ari ginen gauza batzuk harrigarriak egiten zitzaizkien gure inguruekoei.
“Zer, argazkia ikusita bakarrik, badakizula olatu hori non dagoen?”. Institutuko lagunek ezin zuten sinistu. Pentsatzen zuen lehendik ezagutzen genituela argazkiak, edo azpiko letra txikia irakurrita izango genuela.
“Hemen, adibidez, koralezko hondoa zegok –esaten genien argazkia seinalatuz–, eta horregatik, berdintsu hausten dituk olatu denak. Hondartzak ez zakiat, baina olatuak Pipeline dik izena”. Orduan hasten zitzaizkigun sinisten. “Pipe hitzak, hodia, tuboa esan nahi dik ingelesez, eta horrela deitzen ziotek, hausterakoan tutu zabal eta luze samarra egiten duelako”.
Erraza egiten zitzaigun aldizkarietan maiz agertzen ziren olatu ospetsuenak antzematea: Kirra Australian; Uluwatu Indonesian, Puerto Escondido Mexikon… Mundaka ere berehala ezagutzen genuen, jakina.
Surf egiten ez zutenek olatu handi edo txiki bat ikusten zuten lekuan, hamaika xehetasun ikusten genuen guk: olatuaren altxatzeko eta hausteko modua, olatu ezpainaren lodiera, olatu paretaren bertikaltasuna, olatu besoaren luzera… Gainera, olatua bera ez ezik, gauza gehiago ere erakusten dituzte irudiek ezinbestean: uraren kolorea, eguraldia, surflariak bainujantzia edo neoprenoa daraman, tankera bateko edo besteko itsasertza…
Munduko toki arras ezberdinetan, gugandik oso urruti egonagatik ere, guztiz ezagunak zitzaizkigun olatu asko. Amets egiten genuen, noizbait urrutiko paraje haietara joan eta hartu egingo genituela.
Bete ditugu amets batzuk.
.