Surflaria eta paradisua Iñigo Urdinagaren liburua

Liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: "Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?". Denok gara paradisu bila bizi garen surflariak.

Asteartea

26

abendua 2017

0

IRUZKIN

Sam Green eta tsunamia

Idazlea , ArgitaratuaLiburutik kanpokoak, Surfaren bortitza

Sam Green eta Mikel Agote, nire taula konpontzen. Indonesia, 2013.

 

Gaurkoa bezalako abenduak 26 batean gertatu zen historiako hondamendirik handienetako bat. 2004. urtean. Tsunami batek 220.000 pertsonatik gora hil zituen, erdiak baino gehiago Indonesian. Han zen Sam, surf egitera joanda.

Irudi lazgarriak eman zituzten hedabideek: olatu erraldoiak aurrean harrapatzen zuten dena suntsitzen, hildako gorpuak zabor artean, kale gorrian jendea etxerik gabe… Eguna joan eguna etorri, Sam ez zen agertzen, eta inoizko urte amaierarik ilunena izan zuten haren etxekoek, beste milaka eta milaka pertsonek bezala.

Samen anaia, Ben, hegazkina hartu eta Indonesiara joan zen urteberri egunean, Samen bila. Munduko herrialderik jendetsuenetakoa da Indonesia, eta tsunami osteko kaosean murgilduta zegoen, gainera; erokeria zen han norbait aurkitzen saiatzea. Zer egin behar zuen, hildakoz betetako gorputegiak ikuskatzera joan? Ospital nagusietara?

Albistegietan eta egunkarietan desagertutakoen berri ematen hasi ziren. Sami buruz ere bai. Are gehiago gero, kazetariek jakin zutenean anaia Balin zebilela, Samen argazki batzuekin jendeari ea ikusi zuten galdezka. Beren amari deitzen hasi ziren kazetariak, istorio haren inguruko albisteak ematen.

Samuel Green, hogeita bost urteko irakaslea, Adelaidekoa (hego Australia), gabonetako oporretan Indonesiara surf egitera joan eta desagertuta zegoela. Etxean ez zutela haren inongo berririk izan tsunamiaz geroztik. Hogeita zazpi urteko bere anaia, Benjamin Green, surflaria hura ere, Indonesian zebilela Samen arrastoen atzetik.

Zazpi egun eta gau luzeko bilaketaren ondoren, Uluwatun surflari batek esan zion Beni baietz, ezagutzen zuela argazkikoa. Samekin egon zela tsunamia baino lehen eta Mentawaietara joateko asmoa agertu ziola hark. Berehalakoan joan zen Ben Mentawai uharteetara eta, han-hemen galdezka ibili ostean, aurkitu zuen anaia, azkenean.

Samek anaia han ikusi zuenean, zeharo harrituta, zera galdetu omen zion: “Baina zer egiten duk hemen, bro?”… Besarkada eta malko ugari izan ziren tartean, Benek hunkituta anaiari dena kontatzen zion bitartean.

Tsunamia gertatu zenean, ia kalterik izan ez zuen itsas-bazter batean zegoen Sam. Jakin zuten tsunamiaren berri, baina telebista, irratia eta telefonoak ez zebiltzanez, ez zekiten zenbaterainokoa izan zen hondamendia. Horregatik jarraitu omen zuen Samek egun haietan surf egiten, etxera deitu gabe, beti bezala.

Egunkari askok kontatu zuten amaiera polit hura, eta surf aldizkari australiar batek ere osorik jaso zuen gero istorioa.

.

.

.

Comments

comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

happy wheels