Surflaria eta paradisua Iñigo Urdinagaren liburua

Liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: "Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?". Denok gara paradisu bila bizi garen surflariak.

Larunbata

23

abendua 2017

0

IRUZKIN

Mark Foo eta ametsak

Idazlea , ArgitaratuaLiburutik kanpokoak, Surfaren bortitza

Gaurkoa bezalako abenduak 23 batean hil zen Mark Foo. Argazkiko olatu horretan erori ostean. Surflari hark eragin zizkidan hausnarketak liburuan ez sartzea erabaki nuen, baina hemen doaz orain.

 

MARK FOO ETA AMETSAK

Ospetsua izan nahi zuen Mark Fook. Hori zuen amets.

Munduko surf itzulian lehiatu zen zenbait urtez, baina ez zuen emaitza onik lortu. Surf aldizkarietan idazten eta surf filmei ahotsa jartzen aritu zen. Surfari buruzko irratsaioak egiten, surf telebista saioetan aurkezle. Azkenean, uretan nabarmendu zen, olatu handitan.

Lehenbiziko surflaria izan zen Waimeako olatu erraldoietan hiru kilako taularekin. Lehenbiziko surflaria, baita ere, halako olatutzarretan txikota erabiltzen.

Oso trebea omen zen marketinean. Taula eta bainujantzi koloretsuekin ibiltzen zen, denak emanda, kamera asko eta ehunka pertsona begira zeuden egunetan bereziki. Surf argazkilari onenekin egin zuen lan, eta surflari ezagunenetakoa bihurtzen asmatu zuen.

Bere buruaz esan zuen behin, apaltasun gutxirekin, “surfing’s consummate living legend bat zela. Horixe zuen amets, izen handiko surflari ospetsu edo, areago, mitiko izatea.

Olatu handitan hartzen zuen arriskuaz galdetzen ziotenean, zera erantzuten zuen: “If you want the ultimate thrill…”. “Emoziorik handiena bizi nahi baduzu, preziorik handiena ordaintzeko prest egon behar duzu”. Ez zen elkarrizketa bateko ateraldi hutsa, ildo beretik esan baitzuen beste batean: “It would be a glamorous way to go…”. “Joateko modu ederra litzateke. Esan nahi dut, horrela nahi nukeela hil”. Surfaren historiara pasa nahi zuen, eta prest zegoen garesti ordaintzeko.

1994ko abenduaren 23an, Mavericksen olatu bat hartu, erori, eta hil egin zen Mark Sheldon Foo, hogeita hamasei urte zituela. Zantzu guztien arabera, txikota kateatu zitzaion arroketan eta, urazalera iritsi ezinda, ito egin zen.

Bideoan grabatu zuten olatu hura, eta han-hemengo telebista kate askok eman zituzten irudiak. Ordura arte surf albiste batek izandako oihartzunik zabalena lortu zuen, eta Mark Fooren izen handiaz jardun zuten albistegiek epikotasunez.

Gauza beretsuak idatzi zituzten kazetari askok: ospea garesti ordaindu zuela; maite zuena egiten hil zela; bere ametsa bete zuen arren, ezin izan zuela gozatu.

Hondartzan, ordea, bestelako hizketagaiak zebiltzan surflarien artean. Foo izan zen lehen surflaria olatu erraldoietan txikota erabiltzen, eta haren erruz hil zen, itxura guztien arabera. Eztabaida piztu zen komenigarria ote den olatu handitan txikotarekin ibiltzea.

Bestalde, heriotzara eraman zuen olatuak bost bat metro zituen, ez askoz gehiago behintzat. Alegia, Foo ez zen modu epikoegian hil, olatu hura baino dezente handiagoak hartuak baitzituen lehenago.

Galderak sortu zizkidan niri zoritxarreko gertaera hark, eta galdera berak etortzen zitzaizkidan omenaldia egiten zioten bakoitzean. Noraino eraman gaitzakete ametsek? Helburu ustez kaltegabe batzuk ez al dira kaltegarriak? Zoriontsu, bakean hil ote zen Mark Foo?

Azken horri ematen nizkion buelta gehien. Heriotza gazia ala gozoa izan ote zuen? Urpean itotzen, amorrua emango zion olatu harekin horrela amaitu zezakeela ikusteak, edota ito aurreko sosegu gozoan surfaren historian sartzen ikusi ote zuen bere izena?

.

Comments

comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

happy wheels