Antipodetan
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaSurf kultura, Surfaren ederra
Zelanda Berrian ibili nintzen gaztetan, eta han bizi nituen hiruzpalau istorio ere kontatzen ditut liburuan. Bat, argazki horietan ikusten den tokian gertatu zitzaidan.
Ilundu baino ordubete lehenago iritsi nintzen hara, maparik gabe, kasualitatez:
“Auto batzuk zeuden hondarretan aparkatuta, urizkinan bi traktore txalupa bana lehorretatzen. (…) Asfaltoa amaitu zenean, nik ere hondar gainetik gidatu behar izan nuen, hantxe eskubitara zegoen beste hondartzara iristeko“. (Ikusi azpiko argazkian).
Eskubi txukun batzuk hartu nituen ilundu aurretik, eta goizean goiz, ia ilunpetan sartu nintzen uretara. Olatu onak zeuden eta inor ez zebilen. Hori uste nuen. Baina hura ezustekoa… Hiruzpalau itsas-zakur zeuden uretan! Eta beste hamar baino gehiago kanpoan.
Beldurrez ibili nintzen hasieran, urrun, haiei begiratu ere egin gabe. Olatua joan olatua etorri, ezer gertatzen ez zela ikusita, ezker batzuk hartu nituen gero haiengana hurbiltzeko…
“Gezi forma zuen lur muturrak. Ipar ekialdera ematen zuen hondartza batek, hego ekialdera besteak, eta itsasargi bat zegoen biak batzen zituen muinoan“.
Guztiontzat zegoen tokia han. Guztiontzat oparo, Zeelanda Berria.
.