Endless, amaigabea
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaHistoria berrikusten, Liburutik kanpokoak, Surf kultura
Endless Summer surf pelikula ospetsuari buruz idatzi nahi nuen aste honetan eta, kasualitatea, ezin hobeto etorri zaidan zenbaki berezia atera berri du National Geographic aldizkariak.
Bertan, autokritika gordina egiten du zuzendariak, aldizkariaren izenean: “Hamarkadatan, arrazista izan da gure jarduna. Gure lehenaldia gainditzeko, onartu egin behar dugu”.
Halakoak ikusi eta onartzetik zer urrun dagoen oraindik surf mundua…
Endless Summer (1966) inoizko surf film ikusiena da ziur asko. Estatu Batuetako zinema aretoak bete zituen, milioika pertsonengana iritsi zen eta eragin ikaragarria izan zuen.
Dokumental zinez ederra da eta, gainera, dibertigarria. Kaliforniako masifikazioari ihes egiteko, olatu hutsen bila munduan zehar bidaiatzen duten bi surflariren ibilerak kontatzen ditu. (Udarari jarraituz bidaiatzen dute, hortik izenburua: “Amaigabeko uda”).
Endless Summer-en, ordea, nabarmen sumatzen da garai hartako ikuspegi kolonialista, National Geographic-ekoek aldizkariaren zenbaki zaharretan aurkitu duten berbera: ia inoiz ez zieten ahotsik ematen pertsona beltzei, “indigena” moduan agertzen zituzten, betiko klitxeetan…
Labur esanda, National Geographic-ek ikusi eta onartu du, itzal handiko iturria zen arren, ezer gutxi egiten zuela bere irakurleak betiko estereotipoetatik haratago eramateko.
1962. urtean, esate baterako, –Endless Summer-en garaiko adibide bat jartzearren–, Hegoafrikari buruzko erreportajea egin zutenean (apartheid garai bete-betean), arazo politikorik gabeko lurralde gisa aurkeztu zuten, ez zieten ahotsik eman bertako beltzei eta dantza tribalak egiten erakutsi zituzten.
Berdin-berdina suma daiteke Endless Summer-en: ia ez dute larruazal beltzaraneko surflaririk agertzen (bakarren batzuk Hawaiien, haien izen-abizenak aipatu gabe). Hantxe zeuzkaten surf egiten, eta ez ikusia egin zieten, ez zituzten nahi filmean.
Gainera, haur afrikarrak zikinak daudela esaten dute, “herri primitiboak” direla, txisteren bat egiten dute haien hizkuntzaz … Eta, bestalde, emakumeak objektu gisa baliatzen dira filmean behin eta berriz.
Inork ez nazala oker hartu: film benetan ederra da Endless Summer, guztiz gomendagarria gaur egun ere (eszena gogoangarriak dauzka, musika bikaina, narratzaile umoretsua…). Eta Bruce Brown, filmaren egilea, ez dirudi arrazista-imperialista nabarmen bat zenik. (Pertsona aurreratuegia ere ez, egia esan).
Garai hartako gizon zuriaren ikuspegi kolonialista da kritikatzen duguna; eta, batez ere, surf munduan oraindik ere gauzak antzera jarraitzea.
Kolonialismoa ez baita bukatu. Amaigabea da, endless.
.
.
Endless Summer
. Osorik hemen dago, oraintxe behintzat.
.