“Tom Wolfe ERGELA da!”
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaHistoria berrikusten, Surf kultura
Oso gutxi izango dira idazleen kontra egindako pintadak eta, are gutxiago, surflariek eginak.
Mugitua izan zen 1960ko hamarkada: Gerra Hotza, Vietnamgo Gerra, “Make Love, Not War”, Kennedy presidentearen hilketa, “I Have a Dream”, Malcolm X-ren hilketa, “Sex and Drugs and Rock and Roll”…
“60ko hamarkadak bi bide eskaini zituen: aktibismo politikoa edo ihes hedonista. Bigarrena aukeratu zuten surflariek”. Handik aurrera, Peter Westwick eta Peter Neushul surflari eta historialarien arabera, “iraultzailea baino gehiago, atzerakoia izaten segituko zuen surf kulturak gauza askotan”.
Surflarien jokaeraz, historialariak baino askoz lehenago ohartu zen Tom Wolfe idazlea. Bere liburu ospetsuenetako baten lehen atal osoa dedikatu zien surflariei. “I met a group of surfers, the Pump House Gang…”.
Surflariak ezagutu zituenean, 1965. urtean, Los Angeleseko Watts auzoan milaka beltz eta latino matxinatu ziren, eta poliziak haietako 34 hil, 1.032 zauritu eta 3.438 atxilotu zituen bitartean, –Wolfek dioenez–, surflariek bola-joko partida bati bezala begiratzen zieten istilu haiei. Hau da, ikusle hutsak ziren. Edo, asko jota, ganberroak.
Pintada egin zuten surflari batzuek La Jollako pareta batean: “Tom Wolfe is a DORK!”. “Tom Wolfe ERGELA da!”.
Hura ez zen edozein pareta. Liburuan agertzen zen leku bat zen. Tom Wolfek “the pump house gang” deitu zion surflari kuadrillari, La Jollako Wind & Sea hondartzako “ur zikinen txabola” hartan batzen zirelako. Idatzi zuen garaje batean bizi zirela gazte haiek, aberaskume batzuk zirela, beti edanda edo erreta egoten zirela…
Tom Wolfek ez zekien ezer surfaz, inguru hartako bi kuadrilla nahastu omen zituen, gauza asko esajeratu… “Kazetaritza berria” deitutakoaren aita zen Wolfe, objektibotasunez baino, kazetaritza eta literatura nahastuz jarduten zuen, horrela gauzen funtsa hobeto jaso daitekeelakoan.
Ez dakit Tom Wolfe ergela ote zen, eta “kazetaritza berria” zuzen ote zebilen, baina iruditzen zait, sakonean, denborak arrazoia emango ziola idazle hari. Surflariak hedonistak ziren, ez antisistema. Zarautzen aurki esango zieten bezala: “pasotak”, “porreroak”, “alferrak”. Baita “perukoak” ere asko, “pijoak”.
.
.
Gehiago jakiteko
. Too Outrageous for La Jolla: Tom Wolfe wrote too much about WindanSea surfers
. Disillusionment in the Oh Migthy Hulking Pacific: on Tom Wolfe´s “The Pump House Gang”
.