Jack London eta surfaren iparamerikartzea
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaHistoria berrikusten, Surf kultura
1907. urtean iritsi zen Hawaiira Jack London idazle ospetsua. Surfa probatu, surfari buruz idatzi eta surfa “biziberritu” zuen.
Hala diote, oraindik ere, surf webgune gehienek: surfa gainbehera zihoala garai hartan, eta surfa “biziberritzen” lagundu zutela Londonen idatziek. Oso bestelako ondorioak atera dituzte Scott Laderman edo Isaiah Helekunihi Walker historialariek.
Hawaii “gizon zurien estatua” bihurtu nahian zebiltzan estatubatuarrak, eta, turismoa erakartzeko, surfari buruz idatzi zezan irakatsi zion surfean Alexander Hume Ford publizistak Jack Londoni. Gainera, ordurako surfa biziberritzen hasiak ziren hawaiiarrak, Hui Nalu, “Olatuen Kluba” surf taldekoak.
Alde batekoek zein bestekoek beren arrazoi puntua izango dutela pentsatuta ere, Jack Londonek idatzi zituenak irakurtzea besterik ez dago ondorio gehiago ateratzeko.
Mark Twain idazleak, “surf-bathing artea” aipatu zuen. Jack Londonek “surf-riding kirola”. Twainek surf egiten zuten adin guztietako gizon-emakumeak deskribatu zituen. Jack Londonek gizonak bakarrik.
Londonen idatzietan, Hawaiiko surflari indigenek ez dute izen-abizenik; eta Hawaiien jaiotako zuri bat famatu zuen izen-abizenez: George Freeth. (Alexander Hume Ford publizistak goraipatu eta aurkeztu zion bera).
“Itsasoari aurre egitea”, “itsasoaren kontrako borroka” da surfa Londonen idatzietan.
Azken batean, epikotasunez deskribatu zuen Jack Londonek surfa, baina iparamerikarren balioak gaineratu zizkion. Olatuak hartzea ez zen jada hawaiiarren “he’e nalu” izango, “olatu gainean irristatzea”; baizik eta “surf-riding” kirola.
Surfa kirola zen, exotikoa, epikoa, gizonezkoa, indibidualista… Eta ez zen “itsasoaren kontrako borroka” izatera iritsi, Duke Kahanamoku hawaiiar miresgarriak ikuspegi hura zertxobait orekatu zuelako Polinesiako balioekin.
Idazle bikaina zen Jack London, eta sozialista; baina hori dena baino lehenago, estatubatuarra, yankia.
.
Jack Londonek surfari buruz idatziak:
. Riding the South Sea Surf
. A Royal Sport