Surfa eder, inoizko espot onenetako batean
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaSurfa salgai, Surfaren ederra
“Inoizko telebista espotik onena” izendatu zuten behin. 1999. urtekoa den arren, hamabost urte geroago, “Inoizko 10 iragarki onenak” zerrendarako ere aukeratu zuten.
Iragarkiarekin txundituta, lan bat egin nuen hartaz, unibertsitatean ikasle nintzela: Ahab aipatzen du iragarkiko ahots batek, Herman Melvilleren nobelan Moby Dicken atzetik dabilen kapitaina; Walter Craneren margolan batekoa zen zaldi-olatuen ideia; puri-purian zebilen Leftfield bikotearena musika…
Akatsa dauka: olatu ezberdinetako planoak nahasten dira, olatu bat bera balira bezala. Hori berehalakoan ikusten du surflariak. Hala ere, demasa da iragarkia.
Zuribeltzean, itsasaldia itxaron beharra, nortasuna duen protagonista, kila bakarreko surf taula astunak, olatu handien epika… Nabarmen urruti dago surfa nolanahi baliatzen duten gaur egungo iragarki melenga eta eztimerke horiek guztietatik.
Denbora eskatzen du garagardo beltza zerbitzatu eta gero gorputza har dezan itxaroteak, baina“good things come to those who wait”. Hori dio iragarki amaierak: “Gauza onak itxaroten dutenei etortzen zaizkie”.
.