Surfa ez da kirola
Idazlea Inigo Urdinaga, ArgitaratuaAipuak, Liburutik kanpokoak, Surf kultura
Surfing isn´t a sport. Surfing is a journey, a path, a quest
Fred Reiss (Gidget Must Die, 1995).Horrela dio zehazki pasarteak:
“Surfing isn´t a sport. Surfing is a journey, a path, a quest. Only a kook would call it a sport“.
“Surfa ez da kirola. Surfa bidaia da, bidea, bilaketa. Kook batek soilik deituko lioke kirola”.
Lehenengo bi esaldiekin ados egon zaitezke ala ez. Surfa kirola ote den, zer ote den… “Eztabaida amaiezina” deitu nion liburuan gai horretaz hondartzan hizka-mizkan ari diren surflari batzuen pasarteari.
Hirugarren esaldiak bihurriagoa, probokatzeko asmoz erantsia dirudi. Fred Reissek ondo daki ironiaz ziria sartzen, eta iradokitzen du surfa kiroltzat duten guztiak direla kook.
Hiztegien arabera, kook pertsona “zoro”, “ergel” edo “xelebre” bat da. Surflariak badaki, ordea, surfaren jergan esanahi are gutxiesleagoa duela hitz horrek. “Kukae” hitzetik omen dator, hawaiiar hizkuntzan kaka esateko duten hitzetik…
Kook bat da sasisurflaria, surflari izan nahi baina ezagutza oinarrizkoena ere ez duena, surflari plantak egiten dituena, surf janzkia aldrebes janzten duena, uretan gainerako surflariei enbarazu egiten diena, pro baten taularekin ikasi nahi duena, ibiltzen dena baino askoz hobeto ibiltzen dela pentsatzen duena…
Eta, Fred Reissen iritziz, surfa kirola dela uste duena.
Surfaren inguruko zer ikuspegi izango du, bada, liburu bati “Gidget Must Die” izenburu esanguratsu eta ziztatzailea jartzen dion surflari eta idazle batek?…
.
.
Gidget Must Die
Komedia beltzeko nobela dela esan daiteke: hogeita hamar urte geroago, surflari bat Malibura itzultzen da, Gidget filman parte hartu zuten (eta beraz, hondartzak surflariz gainezka jarri zituzten) guztiak banan-banan akabatzeko.
Hemen irakurle batek dio, dirua bueltan eskatzekotan egon zela, liburua oso txarra iruditu zitzaiolako; eta beste batzuek diote “entretenigarria”, “dibertigarria” eta “argigarria” dela. Azken horiekin nago ni.